XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KULTURA

Amaia Zubiriak mintzaldi bat eskainiko du gaur Iruñean

P.P. Iruñea

Amaia Zubiria abeslariak Emakumea eta politika izenburuko mintzaldia eskainiko du gaur, arratsaldeko 7,30etan, Iruñeko Hizkuntza Eskolan.

Batez ere Txomin Artolarekin batera egindako lanari esker ezaguna den kantariak bere esperientzia pertsonala azalduko du.

Izan ere, Zubiria garai batean protesta-kantugintza deitzen zitzaion mugimenduan parte hartu izana baita.

Abeslariak emakumea politikan sartzearen egokitasunaz hitzeginen du.

Ekitaldi hau Nafarroako Ateneoak eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatu duen euskarazko hitzaldi zikloaren barruan kokatzen da.

Txotxongilo Salestarren aretoan

Iruñeko Udalaren eskutik ere, Txotxongilo talde donostiarrak Errekamari lana aurkeztuko du gaur Aita Salestarren Aretoan euskarazko haur programazioaren barruan.

Txotxongilo bi saio eskainiko ditu, bata arratsaldeko 5etan eta bestea arratseko 6,30etan.

Oraingo ikuskizun honetan Manolo Gomez eta Encarni Genua taldeko kideek euskal haur literaturaren klasiko bat hautatu dute beren panpinen bitartez taularatzeko.

Hau euskaldun anitzek ederki ezagutzen dute Errekamari istorioa, liburuaren zenbait edizio egin baitira.

Horrez landa, istorioan agertzen diren kantuak ere argitaratuta daude.

Errekamari euskal mitologian oinarriturik dago eta basoko lamia batekin maitemindurik dagoen artzain baten gorabeherak azaltzen ditu.

Ohi den bezala, sarrerak 100 pezetatan salgai izanen dira ikuskizuna hasi baino ordu bete lehenagotik.